XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina, aida eta tira, bere zorioneko Ostadar zatia lortu nahi zuen.

Bapatean, ordea, beste hodei gris batek estali zuen Eguzkiren gorritasuna.

Xukebuxin ozta-ozta heldu zen mendilepora.

Goibeltasuna nagusitu zen giroan, eta Ostadar argiahultzen ari zen, desagertzeraino.

Ortzira begiratu zuen.

Ez zegoen.

Euria gogoz egiten hasi zuen berriro.

Itzulinguruak behatu zituen.

Arrastorik ez.

Grisez blai egindako berdetasuna ez zen beste kolorerik ez.

Nonbait egon behar zuen, nahitaez.

Ezin zuen besterik gabe desagertu.

Erabat bustitzen ari zen eta bere ile-adatsak ur zurrusten ibilbide bihurtu ziren.

Azalpena aurkitu nahian mendilepoa aztertzen hasi zen.

Mieloxini gauza bera gertatu zitzaion.

Ahotik, zirenak eta ez zirenak bota ondoren, Xukebuxinen bila jaitsi zen badaezpada ere.

Agian honek zerbait topatu zuen.

Xukebuxin ziur zen.

Ez zegoen beste irtenbiderik.

Bere oinetan zabaltzen zen leizezuloan ezkutatu behar izan zuen Ostadarrek.

Hantxe egongo zen gorderik, hurrengo agerketan berriz irteteko.

Baina berak ezin zuen zain egon.

Bere bila sartu beharko zuen.

Larruzko zorrotik soka atera eta leizezulo ertzean goititurik zegoen haritz-ipurdi batean korapilatu ondoren, bertan behera zintzilikatu zen.

Mieloxinek hau ikusi zuen, eta bertaratzearekin bat, haritzaren goiko adar bateraino igo zen.

Artean, Xukebuxin, leizezuloaren zeharkako zulo batean barneratu zen.